XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOHANN GOTTFRIED HERDER (1744-1803). Ilustrazioak zuen zentzu historiko mugatuaren aurka bere burua azaldu zuen. Konkretua eta indibiduala zen guztia grinaz maite izan zuen, eta herri berezituen bizitza, ohitura eta hizkuntzez arduratu zen. Horren ondorioz munduko historia bat burutzen saiatu zen. Aztertutako herrien artean Txina, Tibet, Babilonia, Asiria, Cartago, Etruria,... eta geurea, Euskal Herria, aurkitzen ziren. Bere ustez zibilizazio europarraren arrakasta herri desberdinez osatutako unibertsoa delako gertatzen da.

1. Kultur dibertsitatearen beharra

Aurreko gaietan ikusi dugunez, gizaki guztiok kultur ingurune batean bizi gara. Normalean kultura bat izaten da ongien ezagutzen duguna. Gainera kultura ezagutzea ez da gauza abstraktua, hau da, ikasten den zenbaki-zerrenda hutsa. Kultura batean bizi gara jaiotzen garenez gero. Kultura horixe sentitzen dugu, berak betetzen gaitu eta berak eskaintzen digu mundua ulertzeko aukera.

Horiek horrela, beste kulturak arrotzak eta bitxiak iruditzen zaizkigu. Ez ditugu ulertzen; ez ditugu barnetik sentitzen. Honek guztiak zer ote dakar? Ezezagunarekiko beldurra eta gauza arraroen arriskua somatzen dugu nonahi.

Gaur egun gauzak beste era batera ikusi nahi dira. Gaur egun dibertsitatea aberasgarria dela esaten dugu, baina aurrera egin baino lehen mendebaldeko historiari begirada bota diezaiogun.

Ilustraziora begiratuz gero, honetaz konturatuko gara: kultura baten unibertsaltasunaren nahiaz, alegia. Pentsalari ilustratuek, oro har, ez zuten arazorik izan beren ezagutza, bizimodu eta sinesmenak mundu osora zabaldu behar zirela defendatzeko. Gero eta gehiago ezagutzen zen mundu arrotz eta zibilizatu gabea egoera tamalgarri hartatik atera behar zen, hori zen arrazoia, beraz, mundu harrotz haietan eragiteko.

Pentsakera horren ondorioak zein izan diren erraz asma daitezke. Dakigunez, ikusmolde ilustratu hori ezin daiteke esan gaindituta dagoenik, neurri handi batean gaur egun ere mantentzen eta ezartzen delako.

Gauzak aldatzearren edo, Ilustrazioaren monokolorismoaren ondoren erromantizismoarekin egiten dugu topo. Erromantikoek kultur aniztasuna errebindikatu zuten. Neurri batean honakoa esan daiteke: mendebaldeko inguruneari dagokionez, kulturekiko interesa erromantizismoak asmatua dela. Haiek Ilustrazioan estaliarazitako alderdi asko aurkitu eta garatu egin nahi izan zuten. Eta Ekialdeko kulturen aldeko jarrera izan zuten, adibidez.

Ildo honetan, besteak beste, Herder eta Spengler teorikoak ditugu. Hauentzat kultur dibertsitatea aberastasuna da. Bi zientzialari hauek, gainera, aberastasun hori kanpotik ezin dela gozatu zioten. Aberastasun hori benetakoa izan dadin, kulturaren barnera murgildu beharko dugu; bere hizkuntzan eta bere poesian.

Spengler-en ustetan kulturen arteko lehiarik ez da egin behar. Alferrikakoa da sailkapenak egitea. Batzuk aurreratuak direla eta beste batzuk primitiboagoak edo atzeratuagoak direla esaten badugu alferrikako lana da.

Hala ere, mendebaldeko tradizioan ez da, hain zuzen, ikusmolde hau nagusitu. Garbi dago ez direla berdin aurkeztuko greziako kultura eta kultura indigenoak. Mendebaldean ohikoa da grekoen (eta erromatarren) kultura goraipatzea. Nork berdinduko lituzke greziar mirestuak eta yanomamiak, esaterako? Horiek maila berean ipintzea kultur aldetik iraina dela esango dute batzuek.

Balorazio-ikuspegi honetan gure heziketa-sistemak erantzukizun handia du, nabaria denez. Urtetan eta mendetan, Antzinate klasikoa ez ezagutzea kultur faltaren seinaletzat hartua izan da. Ez dugu esango klasikoak ezagutzea kaltegarria denik, jakina, baina beste kulturekiko ikuspegi desberdina eduki behar da.